26/01/2022

Martxoaren 11n estreinatuko da UR BIZITAN lana

Dantza garaikidea, zuzeneko musika eta hitza uztartzen ditu Haatik dantza konpainiak hamargarren urtemuga ospatzeko aurkezten duen sormen berriak. Dagoeneko sarrerak salgai Tolosako Leidor Aretoko leihatilan eta Kutxanet bidez.


Martxoak 11, OSTIRALA 20:30
Tolosako Leidor Aretoan
Sarrerak: 10€
(https://tickets.kutxabank.es/)
      

 

Hamar urte antzokietan, ibilbide entzutetsu eta irmo baten adierazle

Aiert Beobidek abian jarri eta ordutik zuzentzen duen Haatik Dantza Konpainia gipuzkoarrak, hamar urte beteko diu bere lehen lana aurkeztu zuenetik. Konpainiak sorkuntza propioetan lan egiteaz gain, hainbat sortzaileekin elkarlanean aritu da proposamen artistiko ezberdinak eskeiniz.

Apurka profesio berezi honen gakoak ulertzearen poderioz, konpainiak bere ahulguneetan erreparatu eta hauek sendotzeko asmoz lan egin du urtez urte.

Bere nortasuna eta identitatea lantzen jarraitu nahi du. Beraz, hamarkada hau ospatzeko, aurrera jarraitzea du modurik onena. Oraingoan, honakoa izan da erronka: hunkitzen duen gai mamitsu bati, ikuspegi ezohiko bat aurkitu, eta bidaia lagun izan dituen artista eta sortzaileez inguraturik buru-bihotzetik, sentimendu eta jakitez osatutako lan bati aurre egitea.

Ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria bat

Edo agian modu jasangarri batean bizitzeko aukeraz diharduen gogoeta bat. Ez da ekintza huts eta anekdotikoetan oinarritzen den lana; jaki, jantzi edo kontsumo beharrei begira soilik. Bizitza beraren oinarri eta garapenean baizik. Gizaki eta natura baliabideen arteko elkar ulertze zintzo baten beharrean kokatzen den alegoria bat da. Eta zoritxarrez horren ohituak gauden arren, natura gizakiaren beharretara moldatzeko joeraren ondorioak agerian utzi nahi dira.

Donostiako familia baserritar baten kontakizunak bultzatu du konpainia sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. Haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu ditu kideak. Baina batez ere, zer pentsa sorrarazi, eta garai haietako gertaeren inguruko jakin-mina piztuz.

Fitxa artistikoa

HASIERAKO IDEIA ETA ABIAPUNTUAREN PLANTEAMENDUA: Iurre Aranburu eta Aiert Beobide 
GIDOIA: Koldo Izagirre 
ZUZENDARITZA ETA KOREOGRAFIA: Aiert Beobide 
MUSIKA: Pascal Gaigne 
ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: Olatz Beobide 
PRODUKZIOA: Iurre Aranburu 
JANTZIAK: Ramón García 
DANTZARIAK (5): Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Amaiur Luluaga, Libe Sukia, Iñigo Etxeberria, Nagore Zabala 
MUSIKARIAK: Iñaki Diéguez, Javier Perez de Azpeitia, Manu Gaigne. 
ARGIZTAPENA ETA TEKNIKA ARDURADUNA: Anartz Beobide 
ZERBITZU TEKNIKOA: Eragin STAC

Lan taldea

UR BIZITAN lanean, dagoeneko konpainian ezaguna dugun lan taldea aurkituko dugu: Iurre Aranburu, produkzio eta komunikazio arduradun izateaz gain, lanaren sorkuntzan ere oso murgilduta egon da oraingoan. Emanaldiaren ideia eta pasarteak finkatzen eta baita Ramon Garciarekin batera konpainiaren identitatearen zutabe garrantzitsua den eszenaren eta jantzien estetikaz arduratuz.

Konpainiak ikuskizunetan dantzari taldea mantentzeko apustua egiten jarraitzen du eta aurreko lanetan haien kalitateaz gozatzeko aukera izan dugun Amaiur Luluaga, Jon Arsuaga, Irati sorondo, Iñigo Etxeberria eta Libe Sukia ikusi ahal izango ditugu berriz oholtzan. Haietaz gain, gertutik jarraitzen ari dira ekoizpena ere Nagore Zabala, eta dantzari taldera berriki gehitu den Leire Romero ere.

Eta nola ez, aretoetara itzultzearekin batera Anartz Beobide batu da lan taldera ikuskizunaren argiztapena osatzera.

Musika zuzenean

Musikagintzaren arlo asko lantzen dituen eta bere soinu banden ibilbide oparoagatik ezaguna den Pascal Gaigne izan da musika eta soinu espazioa sortzeko arduraduna.

Hiru musikarik osatutako soinu banda izango da eta  Iñaki Dieguez akordeoilariak, Javi Perez pianojoleak eta Manu Gaigne perkusio-jotzaileak zuzenean eskainiko dute euren lana ikuskizunean.

Dantzarako lehen aldiz idatziz

Koldo Izagirre, euskal idazle oparo, goraipatu eta berritzaileenetako bat izan da gertaera eta kontakizun haietan jasotakoa narrazio bilakatzeko arduraduna. Literaturaren genero guztiak landu ditu bere idazlanetan: poesia, eleberrigintza, ipuingintza eta saiakera. Prentsan artikuluak maiz plazaratzen ditu, eta telebistarako eta zinemarako gidoilari lanetan ere aritu izan da, baina dantza sorkuntza bat inoiz idatzi ez izanak piztu zion bereziki lan hau aurrera eramateko interesa.

Natura eta egoera fisikoak mugimenduen ardatz

Aiert Beobidek, sorkuntza eta koreografia lanetan murgilduz hamar dantza lanetik gora aurkeztu ditu dagoeneko. Lan berri honetarako hainbat bide ireki ditu koreografiak sortzeko mugimenduen bilaketan. Besteak beste, urak sortzen dizkigun sentsazioetan jarri du arreta. Horiek adierazteko bideak bilatuz. Eta higidura zirkular uniforme batean bat-bateko norabide eta abiadura aldakorrak konbinatu ditu. Horrez gain, aztergai izan du ere zuhaitzen lerrokatzeek sortzen diguten handitasuna, eta, era berean adarrek haien sorlekutik urrun iristeko malgutasuna.

Hitz eta ahotsak lehen planura

Olatz Beobidek, hitzak eta testuak modu sentikor batean interpretarazteko maisutasunaz baliaturik, dantzariak bideratu ditu ikusleekin jokatzera. Horrela, hitza eta ahotsak lehen planora ekarriz, kontakizuna beste dimentsio batera eramango dute.

Egutegia

Otsailak 13, 19:00 (Aurrestreinaldia) Sarobe Arte Eszenikoen Gunea, Urnieta.

Martxoak 11, 20:30 (Estreinaldia) Leidor Aretoa, Tolosa.

Martxoak 19, 19:00 Itsas Etxea, Hondarribia.

Martxoak 20, 19:00 Erribera Kulturgunea, Astigarraga.

Maiatzak 13, 22:00 Resti Pilotalekua, Zaldibia

Maiatzak 20, 19:00 Bastero Kulturgunea, Andoain

Uztailak 30, 22:00 Zigoitia Aretoa, Zigoitia

Urriak 20, 20:00 Biteri Kultur Etxea, Hernani

Urriak 29, 22:00 Lasarrte Aretoa, Igorre

Azaroak 5, 20:00 Gazteszena, Donostia

Albistea · Compartir: Facebook · Twitter Google + LinkedIn