29/09/2025

IOIren lehen sorkuntza astea Pasaiako Juanba Berasategin egin dugu, Jone San Martinekin elkarlanean. Kalean eta espazio ezohikoetan eskainiko den dantza ikuskizuna martxan da, eta maiatzean izango du bere estreinaldia.

 

IOI proiektuak bere lehen sorkuntza astea izan du Pasaiako Juanba Berasategin. Berriro ere Jone San Martinekin elkarlanean ari gara, baina oraingoan kalean eedo ezohiko espazioetan eskaintzeko moduko dantza ikuskizun berria sortzen.

Egonaldi honetan nabarmena izan da taldea elkarren artean ondo ezagutzen dela, eta horrek oso dinamika emankorra sortu du. Produkzio aldetik ere aurrerapauso handiak eman ziren: hilabete luzez lanean aritu ondoren, Ikerne Jiménez-ek prest zuen bere eszenografia proposamena, eta Ramon García-k kontzeptu sendo batean oinarritutako jantzitegi erakargarria aurkeztu zigun.

Dantzaren aldetik, Jone San Martinek OTS lanean landutako ildoetatik ekin zion sorkuntzari. Bereziki, dantzarien eta ikusleen arteko harreman berriak aztertzen aritu da, pieza kalean edo  ezohiko espazioetan kokatzeko helburuarekin.

Bestalde, Manuk Gaigne-k zuzenean musikatuko du berriz emanaldia, eta ezagutza eta eszenak gidatzeko gaitasuna erakutsi zuen. Musikarekin jolastuz, eszena bakoitza marraztu eta forma emateko trebetasuna bereziki nabaritu zen. Horren emaitza izan zen azken egunean San Pedroko Lonjan egindako lehen aurkezpena: saio berezi horretan, eszenaren eta publikoaren arteko muga lausotu eta denok batera amaitu genuen esperientzia.

Eskerrik beroenak gerturatu ziren konplize guztiei —egonaldia aberasgarria izan da guztiontzat.
Hurrengo lan saioa martxoan izango da, eta ikuskizunaren estreinaldia maiatzean iritsiko da.

A.B.2025

Albistea · Compartir: Facebook · Twitter Google + LinkedIn